Quantcast
Channel: Jendartean » Argazkia
Viewing all articles
Browse latest Browse all 2

Begirada berri bat egunero

0
0

Abuztuaren 31n Gonzalo Izak ateratako argazkia, "Udako ekaitza".

Fotografia digitalaren aroan, argazki galeria eder askoak aurki ditzakegu Interneten. Flickr bezalako ekimenek benetako artelanak biltzen dituzte, eta erakusleiho aproposa dira kamerarekin atzemandako irudiak zintzilikatzeko. Flickr-en argazki ugari ditu bilduak Gonzalo Iza 27 urteko zumarragarrak, horietako hainbat Una foto por día (Argazki bat eguneko) bere blogetik arrantzatuak. 187.000 bisita baino gehiago izan dituen webgune hau 2011n zehar osatu du Izak, egunero foto bat igoaz. Bilduma erakargarria biribildu du, paisaiak, erretratuak, animaliak, jana (arau eta sekretu propioak ditu janari-argazkilaritzak), egunerokoan ikusitako detaileak eta inguruko txokoak dotorezia handiarekin irudikatuz.

Nabarmentzekoa da paisaia sorta, ikusgarriak batzuetan, bere soiltasunean ederrak bestetzuetan, misteriotsuak, kolore indartsuz eta kontrastez zipriztinduak, beheko argazkietan ikus daitekeenez. Perspektibarekin, enkoadraketarekin, objektibo motarekin, fokatze eta ez-fokatzearekin… nola jolasten duen ere nabaria da erretratuetan. Zailena, arrunta dirudien eguneroko begiradan foto interesgarriak harrapatzea, Zumarragakoak baitio atzerrian, oporretara goazenean adibidez, dena iruditzen zaigula berri eta ezberdin, baina kontrakoa gertatzen dela etxean. Hala ere, denbora hartuz eta irudimena landuz, irudi originalak eta bereziak lortzeko urrutira joan beharrik ez dagoela erakutsi du berak.

Proiektuak ordenagailu pantailatik aretora egingo du jauzi, batutako 365 argazkiekin erakusketa antolatu baitute. Otsailaren 3tik aurrera, hamar egunez,  ikusgai izango dira Zumarragako kulturetxean.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 2